MuralA – 200x900cm

ZAIN-TZA

Jone Taberna – 2022

Jone Tabernaren horma-irudia izan zen erantzun beharreko eskari bat zuen bakarra. Ibarreko emakumeen lanari buruzkoa izan behar zuen, kontuan hartuta horma horretan etorkizunean, ziurrenik, landareak goitik behera hedatuko zirela.

Horma-irudian antzinako ideia bat dago, maiz Joneren lana zeharkatzen duena: duela milaka urte gizarte askok ama-lurra jainkotu zuten. Bere ahala natura, gizakia eta mundua zaintzea zen. Ingurunearekiko errespetua eta senidetasuna. Munduak emakume-arima zuen.

Murala

TRASHUMANS

Marco Iriarte – 2023

Trashumantzia honela definitzen da: artzaintza-mota bat etengabeko mugimenduan, espazioan egokitzen dena produktibitate-eremu aldakorretara.

Artistak trashumantzia islatu du, eta egun, herriarekin duen harremanarekin lotutako mural bat egin du; Erronkaribarra baita ohitura hori gordetzen den leku bakanetakoa.

Murala

GURE ELEAK

Iñaki Rifaterra – 2024

Donostiako Hizkuntzen Mapa-ren jarraipen gisa aurkeztu eta ulertu daiteke orain Erronkari Ibarrean sortu dugun hormairudia, Baratxinto Fest Jaialdirako. Hizkuntza txikiek mundua handitzen badute -Hizkuntzen Maparen leloak horrela diobortuetako eleek ere uskara handitzen eta osatzen dute.

Bestalde, Abdelfattah Kilito idazle arabiarrak izkiriatu zuen bezala, ”Hizkuntza baten bihotza errepikapena da”.

Errepikapen hori gelditzen bada, hizkuntza eten egiten da. Horrela, gure hitzak Erronkarin gelditu ziren -edo gelditu zituzten-. Halere, hamarkada batzuen ondoren hizkuntza ibarrera itzuli da, umeen ahotan, eskoletan, euskaltegietan… hitzak berriro errepikatuz. Beraz, bizirik da gure uskara Erronkarin, karriketan entzuten da. Jatorrizko eleak ere bizirik darrai hainbat esparrutan: Ondarean, testuetan edo hiztun berrien solasaldietan. Hormairudi honetan ere bizirik da.

“Ezta hilen, ezta hilen Erronkari’n uskara” abestu zuen Idoia Garmendiak XX. mendean bere desagerpena aurreikusten ari zelarik. Hormairudiaren eskuineko testua sortzeko, Garmendiaren bertsoetariko bat eta dokumentazio lanetan hizkuntzalari batzuek bildu dituzten beste esaldi batzuk, berreskuratu eta josi egin ditut. Jostun lanen bidez Jose Estornesek edo Koldo Artolak jaso zuten testigantza handiari, nolabait erantzuna edo jarraipen bat ematen saiatu naiz. Erronkarin uskara ez delako hil, bizirik da.

ERRONKARI IBARREAN ZAZPI HIRI DAUDEKEBEN EZ DA HILEN USKARA, AMAÑIXOAN DA NEGIUA BEDATSEA HELTU DAFITE ARGITEN DU

Hormaren ezkerreko bertsoa ‘Gure hitza’ abestiaren zati bat da. Mikel Laboak abestu zuen eta Kilitoren bertsoetatik edanez Bernardo Atxagak idatzi zuen abestia. Hormairudi honetarako Josune Aznarezek Erronkariko uskarara lerro hauek itzuli ditu.

GURE ELEAK ERRAN BERRIZ ERRANEZ TIALA ATZETU EZ TIALA GALTUELUR GAINIAN TXORI ZANKO ARINEKUTZURIKO ERRESTO ELI EDERRA BIKALAXE

Irudia bihurtu diren bi testu hauek halaxe jaio dira. Josune Aznarezek eta Ainhoa Elizaldek Erronkariko uskara anitx onki ezagutzen dute; itzulpena eta zuzenketekin lagundu naute. Beraiek, beste askoren artean, gordetzen, erakusten eta zaintzen dute uskara Erronkarin. Esker anitx Ainhoa eta Josune.

Amaitzeko, lan prozesu teknikoaren deskribapenari labur labur ekingo diot. Bertan ere hizkiak errepikatu ditut, hitzez hitz; inprentan tipografia lantzen den bezalaxe, letrak hautatzen eta paretan markatzen, koloreak ere bai, testua guztiz osatu arte, horma honetan gure hizkuntza harrizkoa bihurtuz.

Mila esker Saioa Iribarren, Ander Basaldua, Goitibera Konpainia, Erronkariko Udala eta Baratxinto Fest Jaialdiari.

Iñaki Rifaterra Santamaria
Lizarra, 2024