Zentro
antzerkia
ALPERRAK, TUNANTEAK ETA MALEANTEAK
Pili, Mili eta Willi exiliatutako hiru inurri dira.
Normalitatera bidaia egin nahi izango dute, derrigorrezko lanik ez dagoen lekura ihesaldia, ustezko paradisura, alegia.
Baina normalitatea, formalitatea omen da, kondena. Hiru inurri hauek pertsonen bizimodua demasekoa dela pentsatu izan dute beti. Ospa egindako intsektuek idealizatuta dute bi hanketako ugaztunen
unibertsoa. Baina gizakion mundura iritsi bezain pronto aurreiritzi guztiak eroriko zaizkie.
Gozamenaren aldarrikapena eta anormaltasunaren apologia egin nahi du antzezlan labur honek. Memorian eta historian arakatuko du komedia honek.
Hain urruti ez dauden garai zaharrak eta gaur eguna horren ezberdinak ez direla jasoko dute inurri hauen
antenek.
Itotzen gaituen usteko askatasun jendarteak, inurritegian bezala, gu denok produktibista izatera behartzen gaitu eta bertan egon nahi ez duena
kanporatua da. Bitxo bola sistema honek arnasa hartzeko tarterik gabe, hausnarketan erortzeko tentaziorik gabeko zigorrean giltzaperatu gaitu;
behartuak gaude klik azkar egin eta ezertan sakondu gabe denari erreakzionatzera.
Pertsona direla uste duten inurriak. Inurri garenaren arrastorik ere ez dugun pertsonak. Bi eremuotan dantza egiten dute komediak, absurdoak eta aldarrikapenak; barre ozenak hondo garratza izango
du askotan, une pisutsuenek gag komikoaren ezusteko eztanda izango dute besteetan. Gizarte gaiekin bihurri landuz, memoria politikoan urperatuz, errealitate absurdoen teklak egoki joz eta
meta-antzerkiaren lur jostagarriak tarteka zapalduz, antzerki labur pieza ezin atseginagoa da Alperrak, Tunanteak eta Maleanteak.
Eszenaratzea soil eta minimalista agertzen da. Testuaren jolasak eta antzezleen hartu-eman freskoak pisua hartzen dute nagusiki, baina badira izan itzalen, trasparientzien eta bestelako zenbait ukitu eder estetikoak.



